Badago dantzatzeko beste modu bat. Doinu bat entzutean berez oinak mugitzen ditugunean, kulunka egiten dugunean, edo hatzamarren puntekin erritmoa markatzen dugunean, musikaren aurrean gure gorputzak duen erantzun psikomotore naturalari atea zabaltzen diogu, eta, modu berean, dantza tradizionalari.
Musikak eta mugimenduak bat egiten dute tradiziozko dantzakeran, elkarturik, sistema bakar bat osatuz, elkar elikatuz eta aberastuz, oinarrizkoa da musikari eta dantzarien arteko harremana.
Tradiziozko dantzakeran lur gainean dantzatzen da, berezko modu ergonomikoan, dantzari bakoitzaren mugak eta gorpuzkera kontuan harturik, eta horrexegatik, tradiziozko dantzak guztion parte hartzea errazten du, giza harremanak erraztuz eta areagotuz. Dantza ondo pasatzeko eta gozatzeko bide bat da berez.
AIKOk dantzatzeko era tradizional eta naturala zabaldu nahi du, eta horrekin batera, dantzarako aukera eta gune berriak sortu; ikasteko bide atsegin, argi eta erraz bat, dugun bizimoduari egokitua... Ongi pasatzea ikasten, dantzatzen ongi pasatzeko.
Dantzarako musika egitea gogoko dugulako, dantzatzea maite dugulako, jotzen eta dantzan eta irakasten dihardugu. Eta guretzat musika eta dantza uztarturik doaz berez: elkarren osagarri eta lagungarri, horregaitik zuzeneko musikak lehentasuna du gure ekitaldietan.
Era natural, lasai eta dibertigarri batez jo eta dantzatzen saiatzen gara, dudarik gabe dantzatzeko beste modu bat dagoelako.
Tradizioan erroturiko dantzaren loraldi berri baten aurrean gaudela esan daiteke; gero eta dantzazale gehiagok parte hartzen dute erromeri, ikastaro, tailer eta dantzaldietan. Gero eta gehiago gara dantza, gaur egungo gure gizartean, aisialdirako lehen mailako irtenbide baliogarri bat dela sinisten dugunok, eta horretan lanean dihardugun erakunde eta elkarteak. AIKOtarrok ekin eta jarrai gabiltza ekimen ezberdinetan:
Azken batean, tradiziozko dantzaren mundua XXI. mendeko gure inguruko hiritarrei zabaltzearren lan egiten dihardugu, proposamen interesgarri, dinamiko eta dibertigarri batekin, inguru erakargarri batean, eta gaur egungo bizimoduarekin bat datorrena: dantzaldi ibiltaria.

Dantzaldi ibiltaria martxan jarri zenean, hilero Durangoko Plateruena Kafe Antzokian egiten genuen erromeriekin hasi ginen, eta, herriz herri, modu ibiltarian, Bizkaian zehar egiten genituen egun bateko tailerrekin, guztiak dantzan gozatu dezakegula erakusten, aspaldiko erromerien xarma konpartitu nahiean. Lehen eguneko tailerretik, agerian gelditu zen ikastaldi luzeagoen behar izana eta nahia, eta horrela 2008. urtean ikastaro egonkorrak antolatu genituen urritik ekainera hainbat herritan. 2010-2011. ikastaldian 500 ikasle baino gahiago izan ditugu Sopela, Erandio, Gernika, Galdakao, Durango, Zarautz eta Zaratamoko ikastaroetan, eta Plateruenako hileroko erromeria dantzazaleen bilgune bihurtu da. Eta hori gutxi balitz, aparteko ekitaldiak (abenduan eta ekainean ospatzen dugun dantzazale eguna, Zaratamon eta Zarautzen egin genuen herriz herri dantzan, edo Zarautzeko dantza barnetegia) oso ondo atera direla esan dezakegu, bai egitarauari begira eta bai parte hartzearen aldetik.
Denbora honetan jasotako esperientziak 2011-12 ikastaldirako ekimen egitaraua proposatzera gatozkizue berrikuntza batzuekin.
Ikastaroen eskeintza egonkorra berregituratzen dugu, eta horrela, batetik, gurekin dantzan ikasten hasi nahi duenarentzat oinarrizko dantza ikastaroak antolatu eta eskeintzen ditugu, eta bestalde, sortu berriak diren dantzaguneak. Dantzaguneak oinarrizko dantza ezagupena dutenentzako pentsatuak daude, astero elkartu eta elkarrekin dantzaz gozatzeko aukera emateko, dantzan praktikatzeko leku, toki edo gunea. AIKOko dantza maisuek gidaturik dantzan ekiteko aukera bat, edo/eta dantzakera hobetzekoa, edo/eta pausu eta dantza berriak ikastekoa.
Azken batean, ikasturte honetatik aurrera dantzaldi ibiltariak hasteko oinarrizko dantza ikastaroak eskeintzen ditu, eta bestalde, oinarrizko maila bat dutenentzako (ikastaroak eginikoak, dantzari eta dantzari ohiak, dantzazaleak…) astero elkartu eta praktikatzeko dantzaguneak.
DURANGOKO PLATERUENA KAFE ANTZOKIAN
Larunbatetan 19:00 – 21:00