| AURKEZPENA | 1. PRAKTIKA | 2. ZABALKUNDEA | 3. IRAKASKUNTZA | AGENDA | ARGAZKIAK / BIDEOAK / AUDIOAK | CD INFO | ERREPERTORIOA | DENETARIK |
![]() |
| Hasiera | ![]() |
Tfnoa.: 656 73 98 56 | ![]() |
aiko@aikotaldea.com
|
![]() |
castellano |
| ERREPERTORIOA |
Jean Mixel Bedaxagar maisua dugu arlo askotan, esku zabal izaten ere, eta nolabait eskerrak emateko piezatxo pare bat idatzi diogu: bere izena daramaten txotisa eta mazurka. Pieza biak txirula ta ttuntunez jotzeko idatziak daude, eta horregaitik ere, tresnaren berezko eskala edo gama tradizionala erabiltzen dute. Txotisaren partituran (gure web orrialdean duzue) ez dugu puntillorik idatzi idazkera soiltzearren, baina pieza bietan, puntilloak erabiltzea librea da, tradizioan egin ohi dugunez. Mazurka, Bizkaiko gure danbolinteruak Zuberoakoari egiten dion keinua da, Dantzari dantzako Launangoaren doinua mazurka airera egokituz.
Santakurtz egunean Altamirako Bittorrek astoa ekartzen zuenean, kaletarrak, baten baino sarriago galdetzen zioten:
-¿Y como se llama el burro?
-Astoa -Bittorren erantzuna.
Antzeko zerbait gertatzen zen Agustin Alonso(tegi) Martinez(goitia)rekin, elkarrekin jotzen geundelarik, izenagaitik galdetu, eta "Los Hermanos Anaiak" erantzuten zuenean. Eta horrela, "Los Hermanos Anaiak" izen xelebre bihurtu zen gure artean. Eta horrela, Jabi Alonso eta Sabin Bikandi, urtero Bilboko Aste Nagusiko parranda egiteko izen hori hartu zuten, eta baita ere, izen berarekin, pasodoble hau idatzi.
Iruñako Olentzeroren 50. urteurrenaren ospakizunean parte hartzera gonbidatu gintuzten, eta bertan, gabon giroan, gabonetako abestiren batean oinarrituriko mazurka bat estreinatzea eskatu. Horrela, "Horra Mari Domingi" kantuaren inguruan Edurre mazurka sortu zen.
Dantza departamenduak ingurutxo bat egiteko musika nahi zuen, baltseoan egiteko lehen zati bat eta kontrapasa aidean dantzatzeko doinu bikoiti bat jarraian. Horrela ekin genion Lasa baltsa eta kontrapasa idazteari. Egitura armoniko beretsua dute pieza biak, anai-arrebak direlako sentzu horretan. Baltsaren estribilloa, hamarreko txikian kantatzeko egitura du barriz, lerro bakoitzeko lehen silabak nota bi hartzen dituelarik, melisma txiki baten modura. Izena, Bartolo Lasa, Zeberioko jotalari ta dantza maisuari omenalditxo bat egiteko jarri genion. Eta pieza, munduko asmorik onenarekin, aiko-kide bikotea diren Jon eta Vanesari eskaini genien ezkontzerakoan, Andoni Egañak propio idatziriko bertso pare batekin (gure web orrialdean aurkitu ditzakezue).
Gure dantza maisuak, zortzi konpasdun esaldi biko iauzi soil eta laburren bat nahi zuen iauziak modu librean kantatzeko eta osatzeko eskoletan eta dantzaldietan. Sabinek doinu mordotxo bat idatzi zuen, eta azkenean, zazpi hauek aukeratu genituen. Zazpi Iauzi ezagunaren egitura dutenez, taldean, elkar ulertzeko, "Zazpikoak" izen goitiaz ezagutzen genituen piezak, eta azkenean izen horrekin gelditu dira, Lehen Zazpikoa, Bigarren Zazpikoa, e.a. Barriz, numeroetan sinisten dutenentzat, zazpi Zazpiko daude, eta diskan jarraian, loturik grabatu ditugu.
Dantzatzerakoan aukera anitz dago, beti ere zortzi konpaseko egitura errespetatuz. Hona hemen Patxiren proposamen bat:
Lauetan erdizka
jautzi, erdizka, dobla, erdizka
Lauetan erdizka
erdizka eta hiru, eskuin, erdizka eta hiru, eskuin
Lauetan erdizka
jautzi eta hiru, ezker. dobla eta hiru, eskuin.
Lauetan erdizka
ezker, eskuin, ezker eta hiru, eskuin, ezker, eskuin eta hiru
Lauetan erdizka
luze, erdizka, eskuin, luze, erdizka, eskuin
Lauetan erdizka
luze, jautzi, ezker, luze, dobla, eskuin
Lauetan erdizka
Ezker, erdizka, ezker, eskuin, erdizka, eskuin.
Eta abar... dantza maisuaren inprobisazio gaitasunaren arabera.
Arraño, Lemoa eta Kolaziño (Bediako San Juaneko Kolaziñoa) tartean dagoen auzo ederra da, Ibaizabal eta Arratia errekak elkartzen diren inguruari begira dagoena. Bertakoa zen Simeón Iragorri, Sabinen dultziña irakaslea, gero Labeara ezkondu eta bertan bizi izan zena. Simeon gogoratuz "seis por ocho"ko kontraiantza da Arraño, hiru esaldiz osotua, eta beltza 110 inguruan jotzen duguna, beti ere, kontraiantzaren egiturari begira. Plazan proposatzen dugun koreografia, Europako beste lekuetan borobilean egiten diren kontradantzetan oinarritzen da, Iparraldeko kadrilletan erabiltzen diren urratsetaz baliatuz.
Txotisa, edo polka geldoa, sasoi batean gure artean asko dantzatu zen dantza, gogokoa dugu aikotarrek, eta horregaitik, Galtzetaburu dantza maisuaren izena daraman txotis hau opatu genien Galdakaoko Andra Mari dantza taldeko dantzari ta dantzazale diren Jose Angel Sagasti eta Kepa Ajuria lagunei.
Dultze-meneorako dantza bat behar zuten Jon eta Patxik, Ameriketatik heldu zitzaigun aide delisiuz huntan, eta habanera sentzillo hau atera zitzaion Sabini. Izenen bat jarri behar eta egun hartan, Luna-n kafesne bat hartzen geundela, Berria-ren lehen orrialdeari begira okurritu zitzaigun izena edo zenbakia, batekik sumarioaren kontua, eta bestetik, 98-an Cuba "galdu genuen" (eta berarekin Habana eta Habanerak).
Atxanieta (Aretxandieta) Alejando Aldekoa dantza maisu eta danbolinteruaren baserria zen bide berria egiteko bota zuten arte. Hainbeste sokadantza gidatu zituen Alejandrori, agur bero bat egiteko, 2/4ko sokadantza hau idatzi genion, plazetan dantzariak sokara erakarri eta lotzeko. Dantzaldietan, ezaguna den Kontrapasa urratsa erabiltzen dugu oinarritzat.
Usabiaga ahizpak seme soinulariak izan zituzten, Joseba eta Aitor, lehengusuak, primoak, cousinak... Josebak behin dantzaeziñezko fandangoa idatzi zuen "5/8=40 Other Mind", eta guk "dantzaeziña" zela aditzerakoan, ba... dantzatzeari ekin genion, badakizue, guri "ezetz egin" erraitea nahikoa da berehala egiten hasteko. Gure omenalditxoa eta besarkada musikala Joseba Tapia musikari, lagun eta lehengusuari, fandango edo jota herrenak dantzatzen eta idazten gonbidatzearren, agian, egun batean, tradizioan errotu, eta "de siempre" bihurtuko direlakoan.
Neure maitie zer dozu
kolore txarra dekozu
kolore hori kentzeko
neugez lo egin behar dozu.
Ederregia zara zu
soloan beharrerako
hartizu kaballeru bet
kalean pasiorako.
Begire nago begire
goiko kamiño berrire
noz etorriko ete dan
neure maitea herrire.
Gure dantza maisuak ere bere piezatxoa merezi zuen, eta horrela idatzi genion polka arin hau. Tonikaren antzera, behin ta berriz jo ondoren, gustoa hartu diogula esan daiteke. Diskako bertsioaren bukaera grabatzeko, tonikari ez genion ginebrarik bota, sinesgaitza badirudi ere. Dantzatzerakoan, hainbat aldaera eta bariazio egiten ditugu musikaren egitura jarraituz.
Kepa Artetxe ("el cabrero", "aitite", "Retegi", "Curro", "Peito"...), Galdakaoko dantza maisu pointeria mazurka dantzatzen animatzeko idatzi genuen pieza hau aspaldi batean, eta oraindik ez dakigu bere xedea lortu duen.
Fergus Sabinen ingelesezko irakasle izandako irlandar euskaldundu jatorra da, jatorra izateaz gain abeslaria ere (zuberotarren antzera irlandarrak ere abesten erditzen dituztela ematen du). Barakaldoko taberna batean, Carryc Fergus-abesti ezaguna abestu ondoren, garagardoa eskuetan zutela, "Don't loose the brigt on your eyes, if you loose it, you loose everything", esan omen zion Fergusek gure Sabini, eta etxera bueltatzerakoan honako baltz hau idatzi zion bere irakasleari.
Baltz honek ere, "irlandar kutxua"dario aiko-kideek diotenez, eta geldo samar, sentimenduz beltza 152ko abiaduran edo jotzen dute (eguraldiaren eta aikokideen egoeraren arauera).
Sena txistu talderako Sabinek idatziriko suite bat da, J.R.Echevarría-ri eskeinia. Aikotarrek Sena suite horretatik jota erabiltzen dute, batzuetan jota modura eta besteetan kontraiantza modura plaza dantzan jartzeko, puntapioan eta harahonakoan sueltoan ekinez, eta baltzeoan, dantza maisuak agintzen duena egiteko.
Jota modura, puntapio ta harahonakoa beltza 122an edo jotzen dugu eta kanteue 112an. Kontraiantzaren bat antolatzen denean, Patxik agintzen du (beti bezala).
Basabe, 6/8ko hiru esadiko kontraiantza bat dugu, Galdakaoko baserri ederrenaren izena daramana, eta Joseba Abasolorekin eta Laika bere txakurrarekin bertan igarotako momentu ederrak gogoratu nahi dituena.
Trapagan antolaturiko txisturako musika idazlanen lehiaketa irabazi zuen duela urte batzuk Goizalde biribilketak. Aikon kontraiantzak plazaratzeko erabiltzen dugu batez ere. Abiadura, beltza 110 inguru.
Patxik Luzaideko lehen kontraiantzaren egitura berarekin kontraiantza bat nahi zuen plazan dantzatzeko, eta horrela ekin geinon Bentaberry dantza maisuaren omenez idatziriko kontraiantza hau idazteari. Egitura zelebrea du, Luzaideko lehen kontraiantza horren modura, zortzi konpasetako esaldiak errepikapena faltan dutela ematen duelako. Horregaitik ere, batzuetan, lehen esaldia errepikatuz jotzen dugu. Dantza maisuaren esku, beti bezala... Hiru aldiz jo (beltza 120) eta lehen esaldia koda modura erabiliz eta azkarrago joz bukatzen dugu gehienetan (beltza 180).
Bentaberry mazurka berriz, hiru esalditako aire klasikodun mazurka dugu, agian, akordeoiarentzat egokiagoa melodiak duen diseinuari begira bederen. Puntillorik gabe idatzi dugu idazkera errazteko, baina noski, "ad libitum" egin daitezke, lehen parteko notetan, edo guztietan, edo nahi bezala. Hirugarren esaldian ere, sarritan, hirukotxoak egiten ditugu bigarren bueltan, kortxea bien tarteko nota gehituz, hau da, "la-fa" kortxeak dauden tokian "la-sol-fa" hirukotxoa eginez, adibidez.
Bilboko, Mikel Bilbao danbolinteru nekaezinari eskeinitako pasodoblea. Sarritan komentatzen zigun "zuzedido"ak eman zion izena:
-"No pasarán, no pasarán… pero como corríamos pa'tras…
Patxi Labordak bere polka zuelarik, Alvaro (García Martínez) Iturbe Iturregik berea behar zuen. Abizenen jatorriaz txantxa pixka bat eginez, amamen abizenak erabiliz izendatu genuen polka xume eta naïf hau idatzi genion. Egitura armoniko oso sinplea du inprobisaziorako egokia izan nahi duen piezatxo hau.
Aitorrek Sabini galdetu zionean Fox bat zer den, eta Sabinek, esplikatzearekin batera, adibide moduan, Kaxianoren "Itsasontzi baten" aipatu zionean, Aitorri halako bat sortzeko irrika piztu zitzaion. Hori bai, gehienetan "swing"-az entzuten dugu dantza mota hau (Estatubatuarren eraginez, ziur asko), eta guk hori gabe egitea erabaki dugu, haatik. 23koa kantu horren inspirazioa emandako Agurtzane da, istorioa metafora txikiz osatutako egia da, eta hortik aurrera Aitorri galdetu eta berak erabakiko du gehiago kontatu ala ez...
Pikutara joan, topatu gereziekin,
Gereziak hartu eta etxera alde egin;
Etxera iritsita, gereziekin zer egin?
Garbitu eta jan 23KOAREKIN.
Afaldu ondoren dantzatzea dut atsegin,
dantzaldia dago Aiko taldearekin,
dantzan egin gabe pointerik ezin ba alde egin,
ta Fox-a dantzatu 23KOAREKIN.
Nekea iritsi, gaueko ordu txikiekin,
musika bukatu konpañia etekin,
etxera abiatu elkarren laguntzarekin,
ta lotara joan 23KOAREKIN.
Aurtzaka Beasaingo dantza-taldea da, Aitorren dantza-eskola eta sehaska. Kontrapasa-agurra hau beraien emanaldi baterako sortua da, taldekideek emanaldi hori prestatzeko Orion egindako konzentrazio batean, Agurra dantzatzeko gehienetan erabiltzen den doinuaren estiloan (trion laron notekin asten den hori, alegia) eta, zer esanik ez, estruktura berberaz. Aitorren bizitzan Aurtzaka taldeak garrantzi pointeria izan du, eta doinu hau talde honi eskeinia da (BATIPAT BERTAKO MUSIKARI BIKAINEI!!!).
Aitorrek bere bi eztabaidakideri buruz idatzitako abestia, eta beraz beraiei eskeinia. Hobe gehiago ez esatea, ekaitz berririk ez sortzeko...
Tximistak eta trumoiak dira laino ilunek duten desira,
itsasaldera begiratuta ekaitza ageri da;
Zure begiak daude mingarri, zure bihotzaren adierazgarri,
hotz eta gazi, zure kresala, ilunaren itzala.
Batzutan badakit, bestetan ez dakit, haize txar honek zer duen jatorri,
baina, maite hori, ez zaitut nabari txalupa honen erruki.
Hasera-haseran langarra zena, enbata beltza bilakatu da,
inguruneak utzi zaitu zu erabat itsututa;
Zuk hartu arren bide gaiztoa, badakit etzarela halakoa,
baina zurekin nabigatzea, ia ezinezkoa.
Batzutan badakit, bestetan ez dakit, haize txar honek zer duen jatorri,
baina, maite hori, ez zaitut nabari txalupa honen erruki.
2006ko udaran Argentinara bidaia egin zuten Aurtzaka taldekoek. Bidai horren hazia Bahia Blanca-ko Euskal Etxeko Irastorzatarrengandik hasi zen ereiten (Manu Goierrin urtebetez izan ondoren), beraz hiri honen baitan sortutako bidaia izan zen. Aitorrentzat, pertsonalki, ondorio asko eta oneko bidaia izan zenez, tango hau idatzi zuen haren oroimenez.
Antziñeko usure dantzan irakatsi dauskun Kepa Artetxeri, antziñeko usure egindako lehenengoa ta bigarrena, edo jotea ta porrue eskeiñi deutsogu. Gitano Aiestak (bere aitaren semeak) baten Oban esan euskunez "jotea lehen luzeau joten zan", ta holantxik, dantzok, oin paraje gehienetan egiten dana baiño luzeago grabeu doguz. Ta joteko, Benito Iragorrigaz (Simeonen anaia ta hauzokoa Labean) albokak egiten ikasi eban Jose Mari Mintegiren alboka eder "desafinatu" bat erabili dogu, Madrilgo jatetxe baten barrea egiteko Gorbeien bota zan azken agiñaren egur zati bategaz egiñekoa. Ta jo be, aspaldiko Gorbeieko artzaiñek euken askatasunegaz joten saiatu gara, arean, gaurko albokari eskolatuentzat "zikiñ" edo izan baleitike be. Grabau be, albokea, etxeko garajean grabau genduan, berezko soiñuegaz. Ta tamaiñuko pandero bigaz lagundu dogu adarraren musikea, narruen soiñue be entzun deiten. Ta kanteu be, ondo edo txarto, baina sustentziegaz, entzuteko moduen kantetan ahalegindu gara. Ta koplak be geureak direz, Artetxegaz ikasi doguzan dantzako kontuek bertara ekarrite:
|
Lehenengoa edo jotea Puntapioa lenengo gero hara honakoa baltseorako ez hartu lagun ganorabakoa. Burue geldi geldirik kaderak dantzan agindu jitanak narruten legez garrie ondo astindu. Baltseorako soiñuen gerritik heldu lagune puntue erratu barik egin daigun guredune. |
Bigarrena edo porrue Dantzan ez dakiena beti dau kontetan, dantzari ona berriz hankakaz kantetan. Kanteue dobletan deu jotalari onak, baltseoan lotute lagune dekonak. Adar soiñuek diño badator azkena, eman buelta morena hau izan da dena |
Urduñan zezenketa eta txistu afizio pointeria dago. Bertakoak ziren Landaluzetarrak, eta bertakoak dira Joseba Larrieta edo Xabier Egiluz esate baterako. Eta badago afizio biak uztartu dituenik ere, Iban Fandiño txistulari eta toreroa. Bertako txistulari taldeak Getxagoi du izena, eta beraientzat, asmo onenarekin eginiko piezatxoa da pasodoble hau.