Aurkezpena
URRASKA
Oraingo honetan, gure ikasleentzat eta dantza tradizionalaren zaletu guztientzat oso erabilgarria izango delakoan, lan pedagogiko-didaktiko hau eskaintzen dizuegu: Urraska. Dantza jauziak Sagasetaren bidetik. A New Interpretation of the Jauziak Dances Collected by Sagaseta. Nevadako Unibertsitateko Eusko Ikaskuntzen Zentroak argitaratutako lana da hau (horregatik edizioa elebiduna da, euskara-ingelesa), eta hainbat osagai ditu, alegia, liburua, 2 Cd, DVDa (bideo eta datuekin) eta poltsiko-liburua jauzien urratsekin. Gure dantza-eskoletan eta erromerietan ezinbestekoa bihurtu den errepertorioaren atal bat osatzen duten Jauziak edo sauts-basques-ei eskainitako lan monografikoa dugu hau.
Horregatik, harro sentiarazten gaituen ikerketa lan hau burutu dugu eta gure ikasleentzat "testu liburua" bihurtuko delakoan gaude:
- Liburuan, folklorezaleei interesgarria izango zaielakoan, gure interpretazio-proposamena zehaztu dugu ekarpen teoriko batzuekin. Testua euskaraz eta ingelesez argitaratu da; horrez gain, gaztelaniazko eta frantsesezko bertsio bana dago DVDan sartuta PDF bertsioan.
- Dantzen egitura koreografikoa kontuan hartuz dantzen transkripzio berri bat ere aurkeztu dugu eta jauziak hobeto interpretatzen lagunduko duelakoan gaude.
DVDan, bestalde, jauzi guztien partiturak dituzue PDF formatuan eta A4 tamainan, musika-tresna ezberdinekin jotzeko bidea errazteko asmoz.
- Miguel Angel Sagasetaren eskutik heldu zaizkigun jauzi tradizional guztiak grabatu ditugu eta Bralea ere bai. Gainera, grabazioa bertsio bitan aurkezten dizuegu: batean, musika bakarrik (2 CDetan) eta bestean, musikaz gain pausuak ere markatuta (DVDaren barnean, mp3 formatuan); ziur gaude bertsio biak ikasle eta zaleentzat lagungarriak eta erabilgarriak izango direla.
- DVDan, aurretik aipatutakoaz gain (partiturak, liburuaren gaztelaniazko eta frantsesezko bertsioa, pausuak markatuta mp3 bertsioan), dantza jauzien grabaketa zaharrak ere sartu ditugu; grabaketa horiek Aiziritze, Bithiriņa eta Iholdin egin ziren eta oso interesgarrik iruditu zaizkigu duten balio dokumental eta etnografikoagatik.
- Honen guzti honen osagarri lez, praktikoa eta erabilgarria izango delakoan, "Urrastegia" izena eman diogun poltsiko-liburua diseinatu dugu jauzien pausuekin (horretarako hain zuzen ere, poltsikoan eraman ahal izateko).
Lan berri hau musika eta dantza tradizional zaleentzat gutxienez erabilgarria izango delakoan...
AIKO Taldea
DVDren edukinak eskuratzeko
Partitura, testuak eta mp3ak eskuratzeko, DVD ordenagailuaren barruan izanik, "Nere PC" ikonoan klikatu, eta barruan izanik, arratoiaren eskuineko botoiarekin DVD ikonoan klikatu eta zabaltzeko agindua eman. Bertan "Data" karpetaren barruan partiturak, testuak eta mp3ak dituzu.
|