AIKO musika eta dantza tradizionalaren mundua ezagutarazi, ulertu, ikertu, irakatsi, sustatu, bultzatu, garatu, herrikoitu, gizarteratu eta gureganatzeko sortua den musika eta dantza maisuen talde bat da.
Badago dantzatzeko beste modu bat. Doinu bat entzutean berez oinak mugitzen ditugunean, kulunka egiten dugunean, edo hatzamarren puntekin erritmoa markatzen dugunean, musikaren aurrean gure gorputzak duen erantzun psikomotore naturalari atea zabaltzen diogu, eta, modu berean, dantza tradizionalari. Denbora igaro ahala, arrazoi ezberdinengatik, dantzatzeko era tradizional hau, naturala, ergonomikoa eta erraza, ahaztu egin dugu.
Bestalde, dantzak ikasteko eta praktikatzeko gune naturala herriko plaza izan da. Lehenago nagusiak imitatuz ikasten genuen, plazan, kioskoaren bueltan, edo etxeko sukaldean... Gaur egun, plaza dantzarako gune moduan iraganeko oroipen bat besterik ez da gehienetan. Lehen plazetan imitazioaren bidez ematen zen dantza tradizionalaren trasmisioa orain dantza taldeetan edo dantza eskoletan egiten da.
AIKOk dantzatzeko era tradizional eta naturala zabaldu nahi ditu, eta horrekin batera, dantzarako aukera eta gune berriak sortzea; ikasteko bide atsegin, argi eta erraz bat, dugun bizimoduari egokitua... Ongi pasatzea ikasten,dantzatzen ongi pasatzeko.
Dantzarako musika egitea gogoko dugulako, dantzatzea maite dugulako, jotzen eta dantzan eta irakasten dihardugu. Eta guretzat musika eta dantza uztarturik doaz berez: elkarren osagarri eta lagungarri, horregaitik zuzeneko musikak lehentasuna du gure ekitaldietan.
Era natural, lasai eta dibertigarri batez jo eta dantzatzen saiatzen gara, dudarik gabe dantzatzeko beste modu bat dagoelako.